Kluba

Historia

Hastapenak

Gerra Zibilaren osteko garai latzak herritarrak kolpatu zituen, guduak eragindako kalte eta gabeziak gainditzeko beharrak bultzatu zituen -batez ere gazteak- etorkizunari esperantza eta ilusioz aurre egitera. Testuinguru hartan kokatuta sortu zen Mutriku Futbol Taldea 1944. urtean, Club Deportivo Motrico izenpean. Hainbat zaleturen ekimena izan zen, besteak beste, Jose Maria Arrietak eta Fermin Galarragak parte hartu zuten. Baina, artean bazen Mutrikuko futbol antolatuaren burua izan zena, Jose Antonio Ezeiza apaiza, hark zuzendutakoa izan zen guzti honen giltzarria, Udalean egin zen lehen bilera urte hartako ekainaren 30ean. Fernando Uranga alkatearekin erabaki zen modu formalean elkartea eta lehen Zuzendaritza Batzordea eratzea.

Orduan hasi ziren lehen taldea osatzen eta irailaren 24an Elgoibarren, hain zuzen ere Lerunen, egin zuten debuta Eibarren aurka. Futbol-partida berdinketarekin amaitu zen eta taldearen historiako lehenengo gola Nicolas Arrizabalaga mutrikuarrak sartu zuen. Hasierako urteko etxeko partidak Zarautzen jokatu ziren, herrian ez baitzegoen partidak jokatzeko prestatutako lursailik. Dena den, taldea sortu eta berehala hasi ziren zelaia lortzeko kudeaketa lanekin, hasiera urte hartan ekin zioten obrei. Jose Antonio Ezeiza izan zen San Migel futbol zelaia eraikitzeko sustatzaile nagusia eta 1945eko apirilaren 29an jokatu zen Club Deportivo Motricoren lehen partida. Musika Bandak girotu zuen estreinaldia eta Ezeizak berak bedeinkatu zuen, Miren Ansorregui amabitxi izan zelarik. Hasieran lursail zati bat zen lur eta belar naturalez betea. Gerora, 2009 urtean, izan zuen belar artifiziala futbol zelaiak.

Zoria zer den, herrian jokatu zen aurreneko partida lehenbiziko arerioaren aurka tokatu zen. Mutrikuarrentzat izugarria izan zen Delfín, Busto II, Galdona, Mugerza, José Angel, Matías, Busto I, Jon, Solaegi, Treku eta Aristondo jokalariek osatutako ekipoak eibartarrak garaitu zituelako, markagailua 3-2 emaitzarekin utziz. Laugarren postuarekin eman zioten amaiera denboraldiari, horri esker liga erregionaleko lehen mailara igotzea lortu zuten, gaur egunera arte jaitsi gabe.

BURUMENDI F.G.

1944an Club Deportivo Motrico sortu zenetik beste herri batzuetako beteranoak fitxatu ziren. 1948an Asua presidenteak herriko gazteekin talde bat eratzeko ideia izan zuen eta hala sortu zen Burumendi taldea, Club Deportivo Motricok zuzenduta eta babestuta. Erregionaleko bigarren mailan hasi zen taldea eta emaitza onak izan arren lehiaketa ofizialetik kanpo gelditu ziren. River Plate izenarekin federatu gabeko torneoetan parte hartzen hasi ziren herri desberdinetan, hala nola, Soraluzen eta Zumaian. 1951an federatu eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeari ekin zion taldeak.

1954-55 denboraldian federazioak jubenil kategoria sortu zuen, Burumendiren espirituarekin bat zetorrena. Taldearen lehen presidentea Fernando Gabilondo izan zen. 1959-60 Dioni Urresti mutrikuarra izan zen kategoria horretako goleatzaile nagusia eta Realak fitxatu zuen. 1961-62 denboraldian C.D. Motrico lehiatik desagertu zen eta haren ordez Burumendi izenarekin bi talde azaldu ziren, bata jubenil kategorian eta bestea erregional preferentean C.D. Motrico ordezkatzen.

Burumendi 1952 - 1953 argazkia
Burumendi 1952 - 1953

Historia

Urteak pasa ziren, azkenik 1956-57 denboraldian liga erregionalean jokatzen hasi zirenerako C.D. Motrico taldearekin. Tolosaren aurka izan zen lehena Atotxako zelaian. Panizok markatutako gola ez zen nahikoa izan, aurkarien bi golen aurrean. Panizo jokalari izateaz gain, beste hamar mutilez ostutako taldearen entrenatzaile gisa aritu zen. 1959an, maila erregionalean jokatzen hasi zirenetik bi denboraldiren ostean, Mutriku finalera iritsi zen. Vitoriaren auka izan zena Mendizorrozan, galdu egin zuten 3-1, Arrietaren gola.

1959-1960an, hirugarren urtean, berriro ere final handira iristea lortu zuten mutilek errenteriako Touring taldearen kontra aritu ziren Atotxan, eta porrot egin zuten. 1961-62 zuzendaritzan krisi baten ondorioz, ligan ez lehiatzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta Burumendi izenarekin herriko beste talde batek jokatu zuen. 1963-64 klubeko historiaren urte onenetariko moduan gogoratzen da. Finalera iritsi zen eta Atotxan Alavesen aurka aritu zen. Gogoangarria da urte hartan maiatzaren 24an taldeak izan zuen harrera herrira iristean. Maila-igoera lortzeaz gain, golen errekorra hautsi zuen, ligan jokatutako partiduetan 105 gol sartu baitzituzten. Taldea hirugarren mailara eraman zuen entrenatzailea Alberto Zapirain izan zen eta hiru denboraldi gehiagoz gidatu zuen taldea. Guztira Mutriku sei denboraldiz ego zen maila horretan. 1969-70 denboraldian Preferente ligara jaitsi zen.

Burumendi 1962 - 1963 argazkia
Burumendi 1962 - 1963
Burumendi 1966 - 1967 argazkia
Burumendi 1966 - 1967
Burumendi 1974 - 1975 argazkia
Burumendi 1974 - 1975

RUBIO

Juan Jose Egia «Rubio» Barrenkaleko Luardoneko etxean jaioa 1916 urtean, errespetu eta maitasunezko erreferentzia izan da Mutriku Futbol Taldearentzako. San Migel futbol zelaia martxan ipini zenetik lan ixil, apal eta zintzoa egin zuen gizon handia. Zelaiaren zaintzaile, kaxeten arduradun, masajista eta material eta arropa guztiaren arduradun.

BASURKO

Juan Manuel Basurko apaizak lehen urratsak herriko futbol taldean eman zituen. 1969an, ordea, Ekuadorrera joan zen misio ebangeliko batera. Hego Amerikan ere futbolean jokatu zuen, Elizaren baimenarekin fitxatu zuten herrialdeko klub profesional batean. 1971an Barcelona Sporting Club taldeak fitxatu zuen. Amerikako Copa Libertadores ligan debutatu zuen, eta Ekuadorreko Emelec taldearen aurkako partiduan lehen gola markatu zuen. Argentinako Estudiantes de la Plata taldearen aurkako partidua etorri zen ostean, une horretan nazioarteko talderik onenen artean zegoena. Oraingoan ere gola berea izan eta argentinarrak garaitu zituen, garaipen handia izan zen Ekuadorrekoentzat, «Hazaña de la Plata» gisa ezaguna dena.

Mutrikutik liga profesionalera

Mutriku Futbol Taldearen parte izandako hainbat heldu dira liga profesionalera. Sabino Andonegui mutrikuarra izan zen maila horretan jokatu zuen lehena Racing Club de Ferrol futbol klubak 1951 urten fitxatu zuenean, eta ondoren Osasuna, Sabadell eta Tudelano taldeetan ibili zen. Aipatzekoa da ere Real Sociedad futbol taldetik igaro diren Mutriku Futbol Taldeko harrobiko hainbat jokalari, tartean Dioni Urreizti, Jose Luis Lema eta Jose Ramon Txoperena. Xabier Eizagirre mutrikuarra ere aritu zen Real Sociedad B taldean eta baita Eibarren ere, besteak beste.

Bestalde, azken urteetan nabarmendu den Asier Illarramendi mutrikuarrak futbolean eman zituen lehen urratsak Mutrikun izan ziren. Egun Real Sociedad taldeko erdilaria da eta Real Madrid klubean ibili zen 2013 eta 2015 bitartean. Horrez gain, Euskal Herriko selekzioarekin eta Espainiako selekzio nazionalarekin ere jokatu du. Jagoba Arrasate Errealeko entrenatzaile izandakoa da eta egun Osasunako taldea entrenatzen du. Gurasoak mutrikuarrak zituen eta umetan Mutrikuko taldearekin Debako hondartzan hasi zen futbol partidak jokatzen.

Mutriku Europan

Mutriku Futbol Taldea sei urtetan izan Badour eta Hautragen nazioarteko taldeen aurka lehiatzen.
1976: UEFA Nazioarteko Junior Txapelketan lehenengo aldiz Baudourren finalaurrekoetara iritsi zen Mutriku F.T. Bochum talde alemaniarren aurka.
1977: Garaipenaren urtea, aurreko edizioko Poloniako Stal Mielec txapelduna garaituz.
1978: Belgikako K.S.V. Waregen atean bi gol sartu arren, arbitroak baliogabetu zituen. Mutrikuarrak haserrearen haserrez gehiago ez bueltatzea erabaki zuten. 1981ean berriro gonbidatu zituzten aurreko urteetako txapeldunen torneo at jokatzeko eta ezezkoa mantendu zuten.
1982: Hautragen jokatu zen finala irabazi zuten, Poloniako Roda taldearen aurka lehiatuz.
1983: Urte hartan Hautrageko taldea garaitu zuten.
1984: Parte hartu zuten azken urtea izan zen eta finaleko txapeldunak izan ziren Erromaren aurka jokatu ostean.

Emakumeak Mutriku Futbol Taldean

Hasierako urteetako jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kide guztiak gizonezkoak izan ziren. 1975 arte, orduan hasi baitziren lehen emakumeak Zuzendaritza Batzordeari laguntzen, hala nola, Josebe Illarramendi, Elena Altuna eta Nieves Basurko. 1995ean estreinakoz emakume bat izan zen idazkari, Josefina Lekube, eta harekin batera Begoña Arrasate batzordeko kidea izan zen. Emakumeen lehen taldea, ordea, 1998 urtean sortu zen. Emakume talde batek Debako hondartzako txapelketan parte hartzen zuen eta Eugenio Sanabriak talde hura federatzeko proposamena luzatu zuen. Sanabria bera entrenatzailea izanik, senior kategorian jokatzen hasi ziren eskualde mailan emakumeen talde federatuak urriak ziren garaian. Urte gutxiren buruan, 2000. urtean, nazio mailan jokatzeko aukera izan zuten. 2003an emakume talde mutrikuarra Cognatiken, Frantzian, jokatzen zen Emakumeen Nazioarteko Txapelketan jokatzera gonbidatu zuten. Urte hartan txapeldunordeak izan ziren eta hurrengo urtean txapelketa irabazi zuten. Harrezkero, hainbat urtez joan dira txapelketa jokatzera.

Jarraian, 2002-2003 denboraldian, Mutriku Futbol Taldeko bi entrenatzaileak emakumezkoak izan ziren, Amaia Elosegi eta Edurne Burgoa. Gerora, 2018-2019 denboraldian, sortu zen Mutrikuk izan zuen gazte mailako lehen taldea kadete kategorian. Nabarmentzekoa da ere profesional mailan dabilen Maialen Naberan ‘Mutri’ atezaina, 2017an Deportivo Alavés taldeak fitxatu zuen eta 2020an Murtziako Alhama futbol klubak. Bestalde, Edurne Burgoa Athletic Club B neska taldeko entrenatzaile izan zen. Eta azken urteetan Ondarruko Aurreran entrenatzaile bezala jarraitzen du.

Mutriku Futbol Taldeko emakumezkoen taldearen argazkia
Cookie-en politika

Gure cookie-ak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-ohiturak aztertu eta, hala, gure zerbitzuak hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzula ulertuko dugu.

Onartu
Ukatu
Itxi